Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (HONDAE) hiru kata arkeologiko egin zituen martxoaren 8an Jaizkibeleko tontorrean eta aintzinako eraikin handi baten aztarnak agerian geratu ziren. Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendariarentzat, “oso interesgarria” da aurkitutakoa eta indusketa zabalago bat egin beharko dela aurreratu du.
Jaizkibeleko tontorrean San
Enrike izeneko gotorleku karlista bat dago. Gotorleku honen oinplanoa
nahiko erregularra da eta trapezio baten itxura du. Alde zabalenean hiru
dorre ikusten dira eta bestean dorre bakarra.
Toki honetan, orain dela urte batzuk,
erromatar txanpon bat aurkitu zen. Nerva enperadorearen aurpegia du eta
K.o. 96. urtean egin zen. Datu hau kontutan izanik Jaime Rodriguez
Salisek 1985. urtean zundaketa arkeologikoak egin zituen esparru
honetan, baina erromatar arrastorik ez zituen topatu.
Leku honetako beste erreferentzi arkeologikoak ere badaude; alde batetik Ptolomeo geografoak izendatu zuen Oiasso akron Purenes puntu geografikoarekin posible da lotzea (Pirineotako muturra) eta baita ere idazle berak aipatutako Afrodita tenpluarekin.
Lanaren ondorioz horma zabal baten
oinarriak aurkitu ziren. Horma honek metro bat du zabaleraz eta bere
norabidea NE-SW da, beraz eraikin handi baten arrastoak topatu direla
esan daiteke. Dena den norabidea ikusita ez du ematen eraikin arrunta
denik eta gotorleku karlistarekin behintzat ez du zerikusirik