Aurkezpena

Irungo Toki-Alai BH Institutuko Mediatekaren bloga da hau. Gure helburua ikasleei, irakasleei eta gurasoei zuzendutako informazio baliagarria eskura ekartzea da. Mediatekan irakurri, ikertu, ikasi eta aisialdia disfrutatzeko baliabideak aurki ditzakegu eta bloga lehio digitala izango dugu. Zuen interesak ezagutzea ezinbestekoa da, beraz denon iritziak eta eskaerak ongietorriak izango ditugu. Bloga guztiona eta guztiontzat da.

2013/10/17

LAISTER NOBELA BERRIAK MEDIATEKAN

Goiatz Labandibar XIV. IGARTZA saria idazle gazteentzako bekaren irabazlea izan da Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar) liburuarekin. 

Erreseina:
Europan barrena egindako ibilaldi baten tankeran egituratutako ipuin-bilduma honek, hamaika istoriotan zehar beste hainbat hiri ezagutaraziko dizkigu. Hendaia, Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa eta Niza dira kontakizun hauetako agertokiak, eta hiri horietako tren geltokiek badute ipuinotan toki esanguratsua. Izan ere, hiri batetik edo ipuin batetik besterako bidaia egitea proposatzen zaigun liburu honetan, geltokiak beti dira istorio baten abiapuntu edo helmuga.

Egileak lortu du hiri bakoitzaren funtsa jasotzea eta istorio bakoitzari dagokion kolorea eranstea, guztietan gaiak ezberdinak izan arren: askatasuna, alde bakarreko maitasuna, errutina, tokiz kanpo sentitzen denaren sentimendua...

Bilbao-New York-Bilbao nobelarengatik., 2008ko Kritika Saria, Euskarazko nobelaren alorrean eta 2009ko urrian Espainiako Literatur Saria jaso zuen idazlearen azkenengo nobela dugu: Kirmen Uriberen  Mussche (Susa).

Erreseina:
Kirmen Uriberen bigarren nobela 1937ko maiatzean abiatzen da, milaka haur Santurtziko portutik erbestera atera dituztenean; haien artean dago Karmentxu, zortzi urteko neskatoa, Flandriako Gante hirian babesa hartuko duena Robert Mussche idazlearen etxean. Eta hortik aurrera, Bigarren Mundu Gerrraren amaiera arte, kontakizunak gatazka garai zail eta gordinetan barrena ibiliko gaitu.
Robert Musschek bi adiskide bihotzeko ditu: Thiery eskolako laguna eta Vic Opdebeeck emaztea. Euren arteko maitasunak, justizi egarriak eta oroitzapenak osatzen dute nobela hunkigarri honen hezurdura.


Jon Arretxeren 612 euro

Erreseina:
 Bueltan da Toure, San Frantzisko auzoko detektibe berezia, bizilagun afrikarrentzat agurgarria, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Bolada txar batetik pasatzen ari den momentuan ustezko anaia baten bisita jasoko du bere patera-pisuan, lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean eta, erabaki horren erruz, arazo larriak sortuko zaizkio, lapurreta, droga-trafiko eta hilketa kasuetan belarrietaraino nahastuko dutenak.
19 Kamera arrakastatsuaren ondoren dator 612 Euro. Toureren sagako bigarren nobela hau ere Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantziskon. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko.
Gordintasuna eta umorea konbinatuz, Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu eta amaiera arte oharkabean daramana.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina